T. 943 89 91 52 · ?

Hezkuntza eskaintza

Ikaskuntza kooperatiboa gure ikastetxean

Gure ikastexeak 2011-2012 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Ikasketa Kooperatiboko proiektuarekin.

Gaur egun, ikasketa kooperatiboa gure metodologian pisu handia duen jarduera da.

IKASKETA KOOPERATIBOA, ZERGAITIK?

Hiru argudio:

  • 1- Ikasle guztiak partaide sentitzen diren Eskola inklusiboa lortzeko ezinbestekoa da metodologia honetan lantzen diren jarrerak eta baloreak (elkarlaguntza, enpatia, erantzukizuna, errespetoa...) garatzea.
  • 2- Gelan dagoen aniztasunari erantzuteko aukera egokia eta aberatsa da: ikasleek ez bakarrik irakasleengandik, beraien kideengandik ere laguntza jasotzen dute.
  • 3- Oinarrizko gaitasunak garatzeko metodologia aproposa da, bereziki Gizarterako eta Herritartasunerako Gaitasuna, Norberaren Ekimena eta Autonomiarako Gaitasuna, Ikasten Ikasteko Gaitasuna eta Hizkuntza Komunikazio Gaitasuna garatzeko.

ZER DA?

Ikasketa kooperatiboa ikasle talde txikien erabilpen didaktikoa da, egitura horren bitartez, honako hauek bilatzen dira: berdintasunezko parte-hartzea ahalik eta gehien ziurtatzea eta beraien arteko aldibereko elkarreragina indartzea, taldean lan egiten ikasteaz gainera, taldekide guztiek proposatutako edukiak ikas ditzaten, norberaren ahalmenak neurri gorenera eramanik.

Ikasketa kooperatiboko talde bateko kideek erantzukizun bikoitza dute: irakasleak irakatsitakoa norberak ikastea eta taldekideek ere ikas dezaten laguntzea.

Irakasleek, berriz, bi xedetarako erabiltzen dute ikasketa kooperatiboa: ikasleek eskolako edukiak ikas ditzaten eta, aldi berean, taldean lan egiten eta solidario izaten ikas dezaten, azken bi horiek eskolako eduki gisa hartuta. Alegia, ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi…

ZELA EGITEN DA?

Metodologia hau garatzeko hiru lan eremu proposatzen dira:

A EREMUA: Taldearen kohesioa (kohesio dinamikak)

B EREMUA: Taldeko lana irakasteko baliabide gisa (lankidetza egitura kooperatiboak)

C EREMUA: Taldeko lana irakatsi beharreko eduki gisa (autorregulaziorako tresnak: ekipoko planak)